Elkartearen batzar orokorrak

Elkartearen Batzar Orokor eta jai egun guztiak igandetan ospatu ditugu. 20 lagunetik 40ra bitartean bildu gara ospakizun bakoitzean. Hauxe duzu, hurrenez hurren, egindakoen kronologia:

Donostia, 1996.

Donostiako Gastronomiazko Euskal Anaiartea / Cofradía Vasca de Gastronomía elkartean, 35-40 lagun bildurik, FEUSEren aurkezpen ofiziala egin genuen 1996ko azaroaren 30ean. Patxi Arrasate, Eli Genua, Nerea Karral eta Pello Iturria lankideek elkartea sortu zenetik egindako laburpena, hurrengo urteko aurrekontua eta elkartearen jardueraren plan orokorra eta proiektuak azaldu zizkieten bildutakoei. Lankide horiek esandako guztiari baietza eman ondoren, prentsaurreko bat egin zen. Jarraian, Gotzon Garate Goihartzun Deustuko katedradun ezaguna eta Jose Antonio Loidiren lana sakonki aztertu duen jesuitak “Jose Antonio Loidi, euskal polizi eleberriaren sortzailea” hitzaldia eman zigun.

Ekitaldi berean, Jose Antonio Loidi Bizkarrondo Irungo farmazialari eta idazlea FEUSEko ohorezko lehendakari izendatu genuen. Makilaren eskaintza eta bere ohorez dantzatutako aurreskua ospatu genuen. Jose Antoniok, berak idatzitako “Amabost egun Urgain?en” eleberriaren ale berezi bat eta egindako ikerlan batzuk oparitu zizkion Elkarteari. Bertan egindako bazkariak amaiera eman zion jai egunari.

Plentzia, 1997.

Plentziako Ingurugiro Aretoan, 1997ko azaroaren 30ean, 20 bat lagun bildurik, II Batzar Orokorra egin genuen. Jarraian, Roberto Lotina Benguria lankidea omendu genuen. Gaizka Matxok, omenduaren lagunak, Robertori buruz eman zigun hitzaldia. Plentziako Bekasler jatetxean egindako bazkariak amaiera eman zion jai egunari.

Iruñea, 1998.

Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofizialean, Iruñean, 1998ko ekainaren 7an, 30-35 lagun bildurik, III Batzar Orokorra egin genuen. Egun berean, Miren Galarza Zulueta Oñatiko farmazialaria eta Victor Santesteban Miranda Iruñeko kimikari eta farmazialaria omendu genituen. Pello Iturriak hitz egin zuen omenduei buruz. Iruñeko Vista Bella jatetxean egindako bazkariak amaiera eman zion jai egunari.

Gasteiz, 1999.

Arabako Farmazialarien Elkargo Ofizialean, Gasteizen, 1999ko maiatzaren 23an, 20 bat lagun bildurik, IV. Batzar Orokorra egin genuen. Batzarra egin ondoren, Iñaki Casado Redin farmazialari nafarrak “Prunus spinosa. Fruituaren osagaiak eta Nafarroako patxarana” izenburua zuen hitzaldia eman zuen. Gasteizko Canciller Ayala hotelean egindako bazkaria amaiera eman zion jai egunari.

Donostia, 2000.

Donostiako Gastronomiazko Euskal Anaiartea / Cofradía Vasca de Gastronomía elkartean, 2000ko apirilaren 9an, 20 bat lagun bildurik, V. Batzar Orokorra egin genuen. Batzarra egin ondoren, Edurne Simon farmazialariak “Obesitatea: eragileak eta tratamenduak” izenburua zuen hitzaldia eman zuen. Bertan egindako bazkariak amaiera eman zion jai egunari.

Baigorri, 2001.

Baigorriko (Nafarroa Beherea) Bil-Etxean, 2001eko apirilaren 1ean, 20 bat lagun bildurik VI. Batzar Orokorra egin genuen. Batzarra egin ondoren Anje Arréguy, bertako farmazialariak “Bioiragaziaren bidez, hidrogeno sulfuroaren degradazioaren ikerketa” izenburua zuen hitzaldia eman zuen. Baigorriko Manexenea jatetxean egindako bazkariak amaiera eman zion jai egunari.

Eibar, 2002.

Eibarko Arrate Kultur Elkartean, 2002ko apirilaren 14an, 20 bat lagun bildurik VII. Batzar Orokorra egin genuen. Batzarra egin ondoren, Alfredo Elorza, bertako lankideak “Mostradoreko homeopatia” izenburua zuen hitzaldia eman zuen. Ixua jatetxean egindako bazkariak amaiera eman zion jai egunari.

Orio, 2003.

Orioko Kultur Etxean, 2003ko apirilaren 6an, 25 bat lagun bildurik, VIII. Batzar Orokorra egin genuen. Batzarra egin ondoren, Iñaki Lasa Aiestaran lankidea omendu genuen. Bere semea Iñakik aitari buruz hitz egin zigun. Bertako Jose Mari jatetxean egindako bazkariak amaiera eman zion jai egunari.

Bilbo, 2004.

Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialean, 2004ko martxoaren 28an, 25 bat lagun bildurik, IX. Batzar Orokorra egin genuen. Batzarra egin ondoren, Arrate Jauregi eta Itziar Fernandez de Larrinoa lankideei I. FEUSE SARIA eman genien. Jarraian, irabazleek saritutako lanari buruz hitz egin ziguten. Egun berean, Javier Saenz de Buruaga lankidea omendu genuen. Bere alaba Soniak hitz egin zigun aitari buruz. Hesperia-Zubialde Hotelean egindako bazkariak amaiera eman zion jai egunari.

Bastida, 2005.

Granja Ntra. Sra. de Remelluri S.A.k Bastida/Labastidan (Araba) dituen upeltegietan, 2005eko apirilaren 3an, 20 bat lagun bildurik, X. Batzar Orokorra egin genuen. Jarraian, FEUSEren FARMABURUA EHUko FARMAZIA FAKULTATEAri eman genion. Ekitaldia bukatu ondoren, upeltegiak bisitatu genituen. Bertan egindako bazkari batek amaiera eman zion jai egunari.