FEUSEren historia

Euskal Herri zabalean, herri eta hirietan, han-hemenka sakabanaturik dauden farmazia askotan, betidanik egon dira farmazialari euskaldun prestu eta jatorrak, gaixo eta lagunekiko harremanak euskara hutsez izan dituztenak. Gugana euskaldun asko etortzen dira, eta horregatik dugu, hain zuzen ere, gure lexikoa landu beharra eta farmazia alorrean euskararen erabilera ahalbideratu, bultzatu eta indartu beharra.

Horiek horrela, 1994an, farmazialari euskaldun batzuek lan taldeak osatu genituen gure alorreko euskara teknikoari laguntza emateko asmotan. Halaber, egindako bileretan euskararen aldeko taldea sortzearen egokitasuna onartu zen sakonki aztertu ondoren, eta horrenbestez, euskararen aldeko FARMAZIALARI EUSKALDUNEN ELKARTEA (FEUSE) izeneko erakundea sortu genuen.

Elkartearen helburuak, hitz gutxitan esanez, farmazia alorrean euskararen erabilera ahalbideratu, bultzatu eta indartzea dira, betiere, farmazialarion elkargo ofizialekin zein beste erakunde eta partikularrekin lankidetzan arituz. Orobat, Elkartea sortu zenetik gure lanbidearen alde lan egiten dugu.

Geroago, 1995ko apirilaren 11an, elkartea sorrarazteko egindako bileran estatutuak onartu genituen eta, urtearen bukaeran, onespen eta nortasun juridiko osoa eman ziguten.

Hurrengo urtean, 1996ko urtarrilaren 26an, Zuzendaritza Batzordeko karguak behin-behineko betetzeko hautatu genituen. Honelaxe geratu zen: Patxi Arrasate, lehendakari; Pello Iturria, lehendakariorde; Juan Carlos Aristorena, idazkari; Elena Imaz, diruzain; Marije Atorrasagasti, Eli Genua eta Nerea Karral, batzordekideak. Egun hartan FEUSEk 95 kide zituen.

Urte bereko apirilaren 19 eta 20an, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak Iruņean antolaturiko VI. Osasun Jardunaldietan FEUSEko zenbait kidek parte hartu zuten. Izan ere Eli Genua, Matia Ospitaleko farmazialariak, "Medikamentuak erabiltzeko zailtasuna gizaki edadetuetan" komunikazioa azaldu zuen eta Gerardo Cajaraville eta Maria Jose Tames, Donostiako Institutu Onkologikoko farmazialariek, "Minbiziak eraginiko min kronikoaren tratamendurako askatze iraunkorreko ahotiko morfinaren erabilpena" panela prestatu zuten. Juan Carlos Aristorena, Arrasateko Aita Menni Ospitaleko farmazialariak, Patxi Arrasate, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailekoak eta Pello Iturria, Iruņeko Farmazia bulegokoak ere parte hartu zuten Jardunaldi horietan.

Gero, 1996ko azaroaren 30ean, Donostiako Euskal Gastronomia Anaiartean FEUSEren aurkezpen ofiziala egin genuen. Jai-giro ederrean, elkartea sortu zenetik egindakoaren laburpena, hurrengo urteko aurrekontua eta elkartearen jardueraren plan orokorra eta proiektuak onartu ondoren, elkartea aurkezteko prentsaurrekoa egin zen.

Jarraian, Gotzon Garate Goihartzun Deustuko katedradun ezaguna eta Jose Antonio Loidiren lana sakonki aztertu duen jesuitak hitzaldi ederra eman zigun Loidiri buruz. Ekitaldi berean, Jose Antonio Loidi Bizkarrondo Irungo farmazialari eta idazlea FEUSEko ohorezko lehendakari izendatu genuen.