Elkartearen proiektuak eta lanak
FEUSE saria
Euskaraz sortutako farmazia arloko testu teknikoen kopurua eta kalitatea gero eta handiagoak izaten laguntzeko asmoarekin FEUSE SARIA sortu genuen 2003an.
Farmaziarekin zerikusia duten euskaraz idatzitako lanak izan behar dira eta egileak, nahitaez, farmazialariak edo farmazia fakultate bateko ikasleak. Sariaren kopurua 3.000 eurokoa da eta Batzorde Zuzendariaren asmoa da saria iragarri bi urtean behin.
Lehenengo deialdira sei lan aurkeztu ziren. Arrate Jauregi eta Itziar Fernandez de Larrinoa farmazialari gazte arabarrek irabazi zuten lehiaketa "Ardoa, onuragarria ala kaltegarria?" izenburua zuen lanarekin.
Sariaren bigarren deialdia 2005ean egin zen. Bi lan aurkeztu ziren eta irabazlea Igor Horrillo Furundarena Mendaroko farmazialari gaztea izan zen "Depresio nagusia" izenburua zuen lanarekin.
FEUSEren Farmaburua
Farmazialari Euskaldunen Elkarteak eskertu nahi ditu, farmaziaren arloan, euskararen erabilera bultzatzeko, indartzeko eta normalizatzeko egiten diren ekimenak, egitasmoak eta ekintzak. Hori dela eta, Elkarteko Batzorde Zuzendariak, 2004ko martxoan egindako bileran erabaki zuen FEUSEren FARMABURUA izeneko garaikurra sortzea eta edozein gizabanakok, taldek, erakundek edo elkartek eskuratu ahal izango du. FEUSEren FARMABURUA Bernat Vidal eskultoreak egindako artelana da eta, bi urtean behin ematea da Batzorde Zuzendariaren asmoa.
Horiek horrela, EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEKO FARMAZIA FAKULTATEAri eman genion lehenengo FEUSEren FARMABURUA 2005eko apirilaren 3an, Remellurik Bastidan (Araba) dituen upeltegietan, Elkarteak egindako Batzar Orokarraren egunean.
Jose Antonio Loidi bilduma
Jose Antonio Loidi Bizkarrondo hil zenean (1999/07/09), FEUSEko Batzorde Zuzendariak erabaki zuen JOSE ANTONIO LOIDI BILDUMA sortzea. Elkarteak argitaraturiko lan berezi guztiek osatuko dute bilduma. FEUSEk egindako lehen Batzar Orokorrean (Donostia, 1996/11/30), Jose Antonio Loidi Bizkarrondo Elkarteko ohorezko lehendakari izendatua izan zen.
Jose Antonio Errenterian jaio zen 1916an. Farmazia ikasketak egin eta farmazia bat ireki zuen Irunen, 1943an. Udal Farmazialari Ikuskatzaile, Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko batzordekide eta Guifarco kooperatibako sortzaileetako bat.
Hidrologiako ikerketa ugari egin zituen eta argitaratu Bartzelonako "Documentos de Investigación Hidrológica" aldizkarian. Farmazia inguruko hitzaldi asko eman zituen eta mintegi anitzetan parte hartu. Euskal literatura eta zientzia aldizkari batzuetako kolaboratzailea izan zen eta Gipuzkoako Ospitaleko Buletinean parte hartu zuen. Bestalde, Bidasoako ikaskuntzen aldizkariko zuzendaria izan zen sortu zenetik, 1980an. Halaber, euskaraz idatzitako lehen polizi eleberriaren egilea da. Izan ere, 1955ean, euskal letretan aparteko garrantzia duen "Amabost egun Urgain'en" idatzi zuen.
Euskaltzaindiak 1998ko apirilaren 24an, beste bederatzi lagunekin batera, ohorezko euskaltzain izendatu zuen.
Oraingoz, lan hauek osatzen dute Jose Antonio Loidi bilduma:
- Farmazietan metadonazko mantentze programa. Bizkaian lortutako emaitzak. Egileak: Amaia Gantxegi, Alfredo Garcia, Nora Uranga, Patxi Arrasate (koordinatzailea).
- Farmazia Hiztegia. Egileak: Juan Carlos Aristorena, Maria Jesus Atorrasagasti, Unai Berasategi, Miren Fuldain, Beatriz Gaston, Pedro Iturria, Maria Teresa Omaetxebarria, Maria Eugenia Sagardoy, Patxi Arrasate (koordinatzailea).
- Kanabisaren alderdi desberdinak eta ezaugarriak. Pedro Iturria.
- Ardoa, onuragarria ala kaltegarria?. Arrate Jauregi, Itziar Fernandez de Larrinoa.
Protokoloak
Elkarteak ondorengo protokoloak zehaztu ditu:
- Zistitisa. 1996ko azaroan eta 1998ko ekainean
- Zefaleei buruzko portaera protokoloa (komunitateko farmazian). 1998ko urtarrilean
- Beherakoari aurre egiteko protokoloa, farmazia komunitarioan. 1998ko otsailean
- Antiazidoak. 1998ko martxoan
- Azal, eguzki eta medikamentuetaz jarduteko protokoloa. 1998ko maiatzean
- Komunitateko farmazientzako akneari buruzko jokaeraren protokoloa. 1998ko urrian
- Medikamentu generikoen inguruan. 1998ko abenduan
- Odoluzkiak. 1999ko otsailean
- Dismenorrea. 1999ko apirilean
- Medikamentu-terapiaren kalitatea hobetzeko jokaerak. 1999ko uztailean
- Azkura. 1999ko urrian.
