Igor Horrillo, FEUSE Saria depresioaren inguruko lanagatik
2006-04-02 ¦ Feuse
Farmazialari Euskaldunen Elkarteak (FEUSE) Igor Horrillo saritu nahi izan du FEUSE SARIAren bigarren edizio honetan, depresio nagusiaren inguruan egin duen lanagatik. Peio Iturria elkartearen lehendakariaren eskutik jaso du Saria.
Saritutako lanak depresioaren inguruko hainbat alderditan sakontzen du. Munduko Osasun Erakundearen arabera, biztanleen % 10,2ri eragiten dio patologia horrek. Emakumezkoen artean, gaixotasun hori pairatzeko probabilitatea bikoiztu egiten da gizonezkoekin alderatuz, eta, azkenaldian egindako ikerketen arabera, depresioa jasaten dutenen artean heren batek bakarrik jasotzen du tratamendu egokia.
Igor Horrillok, depresioaren oinarri neurobiologikoak aztertu ondoren, bere diagnostikoan erabilitako metodologia eta adierazleak aipatzen ditu lanean. Gainera, gaur egun aurki daitezkeen tratamenduak aztertzen ditu, farmakologikoak zein ez-farmakologikoak, eta bakoitzaren alde onak eta txarrak aipatzen ditu. FEUSEk saritutako lan honetan, etorkizuneko ikerketa-bideak eta tratamendu berriak aztertzen dira.
FEUSE SARIA
FARMAZIALARI EUSKALDUNEN ELKARTEAk 2003an sortu zuen FEUSE SARIA, farmazia-arloan euskaraz idatzitako testu teknikoen kopurua eta kalitatea gero eta handiagoak izaten laguntzeko asmoarekin. Sari hau bi urtean behin ematen da. Parte-hartzaileek farmazialariak edo Farmazia Fakultateetako ikasleak izan behar dute eta saria 3.000 eurokoa da.
Informazio gehiago Interneten:
