« Itzuli albistegira

FEUSEren Farmaburua jasoko du datorren igandean Miren Eskarne Fuldain kideak

2007-03-26  ¦  FEUSE

Sari hau Farmazialari Euskaldunen Elkarteak bi urtean behin ematen du farmaziaren arloan euskararen alde egindako ekarpenak eskertzeko.

Datorren igandean, apirilak 1, FARMAZIALARI EUSKALDUNEN ELKARTEAk (FEUSE) bere hamabigarren Batzar Orokorra eta urteroko jai eguna ospatuko du Getariako Alondiga Zaharrean (Kale Nagusia, Udaletxe azpian). Batzarraren ondoren, Getariako farmaziaren titularra den Miren Eskarne Fuldain farmazialariari FEUSEREN FARMABURUA emango zaio, maisu-formulen erabilera-orriak euskaraz prestatzen egin duen lanaren ordainetan.

Miren Getariako bere farmazian euskaraz bizi da eta bere pazienteei zuzendutako hamaika osasun-txartel eta osasun aholku euskaratu ditu eta gero, egindako lana lankideei eskaini. Duela gutxi, maisu-formulak egin ahal izateko ehun bat erabilera-orri prestatu ditu euskaraz. Lan hori oso baliagarria da, batez ere, maisu-formulak eta prestakin ofizinalen elaborazioa arautzen dituen dekretua indarrean jarri zenetik.

Iganderako prestatua den egitaraua honakoa da:

12:00 FEUSEren Batzar Orokorra

13:00 FEUSEren Farmaburuaren emate ekitaldia Miren Eskarne Fuldaini

Bazkaria Meagas auzoko Azkue ostatuan