Amaia Garitanok jasoko du FEUSE saria atentzio defizita eta hiperaktibitatearen asaldurari buruzko lanagatik
2010-04-16 ¦ FEUSE
Bere lana urteroko batzar orokorraren ondoren aukeztuko du Amaiak eta gero irabazitako saria jasoko du.
Datorren apirilaren 25ean FARMAZIALARI EUSKALDUNEN ELKARTEAK (FEUSE) hamabostgarren Batzar Orokorra eta urteroko jai eguna Gasteizen ospatuko du, Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultatean, hain zuzen. Egun berean, Amaia Garitano Ascasibar farmazialariari Feuse saria emango zaio. Debako farmazialari gazte horrek Atentzio defizita eta hiperaktibitatearen asaldura izenburua duen lan batekin irabazi du saria. Amaiak, ikasketak bukatu ondoren eta farmazialari gisa lanean hasi zenean atentzio defizita eta hiperaktibitatearen asaldura (ADHA) duten haurrak ezagutu zituen eta baita euren gurasoek dituzten kezka, buruhauste eta arazoak ere. Gaitzak umeengan eta familiengan eragiten dituen ondorio larriak ikusirik, gaia jorratzea erabaki zuen eta lana aurkeztu zuen Feuse sariaren deialdira. ADHAren etiologia , epidemiologia eta pronostikoa aztertu ondoren, gaitzak agertzen dituen sintomak azaltzen dizkigu eta diagnostikoa egiteko erabiltzen diren irizpideak adierazten dizkigu. Lanaren zatirik handiena tratamenduari dagokiona da eta gaur egun eskuragarri dauden tratamendu farmakologiko nahiz bestelakoak aztertzen ditu. Esandako egunean, bada, Feuseren Batzar Orokorra egin ondoren, Amaiak berak saritutako lanaren nondik norakoak azalduko dizkie bere lankideei. Saria 3.000 eurokoa da.
