FEUSE saria 2010

Aurtengo FEUSE saria "Atentzio defizita eta hiperaktibitatearen asaldura" izenburua duen lanak irabazi du eta Amaia Garitano da egilea. Amaiak ikasketak bukatu ondoren eta farmazialari gisa lanean hasi zenean, atentzio defizita eta hiperaktibitatearen asaldura (ADHA) duten haurrak ezagutu zituen eta baita euren gurasoek dituzten kezka, buruhauste eta arazoak ere. Gaitzak umeengan eta familiengan eragiten dituen ondorio larriak ikusirik, gaia jorratzea erabaki zuen eta lana aurkeztu zuen FEUSE sariaren deialdira. ADHAren etiologia, epidemiologia eta pronostikoa aztertu ondoren, gaitzak agertzen dituen sintomak azaltzen dizkigu eta diagnostikoa egiteko erabiltzen diren irizpideak adierazten dizkigu. Lanaren zatirik handiena tratamenduari dagokiona da eta gaur egun eskuragarri dauden tratamendu farmakologiko nahiz bestelakoak aztertzen ditu.